2011-2012 IKASTURTEAN ZEHAR EGINGO DUGUN IBILBIDEA BLOG HONETAN AGERTUKO DA

miércoles, 9 de mayo de 2012

HERENSUGEA EUSKAL MITOLOGIA MARKEL ATXUTEGI


Herensugea
Herensugea edo dragoia mundu osoko mitologian agertzen den animalia-izakia da, baita Euskal Herriko mitologian ere. Beraz, mitologia unibertsaleko aldaera guztietan agertzen da, ia beti gizakiaren kontrakoa edo etsaiaren sinbolotzat hartuta
Euskal kondairek osatu altxorraren parte da, dudarik gabe, batzuetan buruanitzeko munstrotzat, bestetan aireetan barna dabilen meteorito goritzat agertuz. Euskal Herriko txoko askotan da ezaguna pertsonaia mitologiko hau. Lapurdi aldean,  Saran, Zugarramurdin, Donibane-Lohizunen eta Ezpeletan; Gipuzkoako eskualdean, Errenterian, Zaldibian eta Ataunen; Nafarroan, Zubirin; Bizkaian, Lekeition; Behe Nafarroan, Zuberoan; eta beste hainbat eta hainbat lekutan ere ezaguna da. Pertsonai honek, lekuaren arabera izen ezberdina hartu izan ditu. Izan ere, herensugea izateaz gain Lerensuge, Errensuge, Herainsuge, Ersuge, Sierpe, Dragoi … izan daiteke bere izena.
Elezaharretako piztia izugarria, hegoak eta atzaparrak eta narrasti gorputza dituen suge itxura duen jeinu gaizto eta beldurgarria dugu hau..Elezahar batzuetan, zazpi buru ditu, baina gehienetan bakarra duela kontatzen da.  Haitzuloetan bizi da, eta soilik gosea asetzeko ateratzen omen da bizilekutik. Haitzulo inguruko larreetan dabilen ganadua bere hatsaren bitartez erakartzen omen du Herensugeak, eta elikatzeko etxe-abere horiek jaten ditu. Beste zenbait lekutan diotenez, gizon-emakumeen haragia jaten du. Kontakizun askotan, herriko jendeak, aldian behin, pertsona bat eman behar dio Herensugeari, hark jan dezan; horrela, aseta egoten da piztia eta herritarrak lasai egon daitezke.
Alegia ugari sortu dira herensugearen inguruan; ezagunenak dira Lapurdiko Beltzuntzetar Gastonena, Arrasateko burdinagilearena, burdin gori batez hil zuena eta lau anaiena. Ezaguna da ere kristautasunak deabruaren pareko bihurtu ondoren, Aralarko San Migelekoa.





Herensugea
Lapurdiko herri eder baten inguruan, bere izenik ez badakigu ere, leize handi bat zegoen. Inork ez dakien eran, herritar guztien larritasunerako zazpi buruko sugetzarra atera zen leize hartatik. Herensugea deitu zioten.
Mamutzarrak urtero neska gazte bat hari emateko agindu zuen, bestela ez zuela inor bizirik utziko eta.
Horrela bada, familia-buru guztiak bildu eta zozketa egin zuten herensugean eskaini beharreko neska zein izango zen erabakitzeko eta erregearen alabari suertatu zitzaion.
Egun hura iritsi zenean neska zuhaitz bati lotu eta leizearen sarreran utzi zuten. Begiluze asko beste zuhaitzetara igo ziren ikuskizuna ondo jarraitzeko, baina lurrean ez zen inor gelditu neskari laguntzeko.
Horretan, han inguruan bere artalde eta txakurrarekin zebilen artzain bat hurbildu zitzaion gazteari eta, han lotua ikustean, galdetu zion:
-Baina... nork lotu zaitu zuhaitz honetan?
Erregearen alabak gertatu zen guztiaren berri eman zionean, mutila hura askatzen hasi zen. Bat-batean, izugarrizko hotsak entzun ziren leizearen barruan.
-Mesedez... -esan zion neskak artzainari- zoaz! zoaz! bestela Herensugeak zu ere hilko zaitu eta.
Baina mutilak ez zion jaramonik egin eta askatzen jarraitu zuen. Geroxeago, herensugea azaldu zen eta artzainak bere zakurrari:
-Zesar! Axa horri!
Txakurrak herensugeari ekin zion eta, sekulako borrokaren ondoren, akabatu egin zuen eta mila zatitan utzi. Artzainak zazpi buruetako mihiak moztu zituen eta baita erregearen alabak zeramatzan zazpi gonazpikoetatik zatitxo bana ere. Gero, alde egin zuen.
Bien bitartean, zuhaitzetara igotako begiluzeak jaitsi ziren handik eta, haietan azkarrenak sugearen zazpi buruak moztu zituen. Gero, erregeari eraman zizkion animalia beldurgarri hura berak hil zuela esanez.
Hitzemana zeukanari eutsiz, erregeak ezkontzarako prestakuntzak antolatzeko agindu zuen.
Ospakizunaren bezperan aparteko bazkaria izan zuten. Mahaiburuan erregea, bere alaba eta balizko heroia jarri ziren. Artzaina ere joan zen bere txakurrarekin, baina inor ez zen ohartu hura han zegoenik.
Bazkariaren azken aldera, artzainak esan zion txakurrari:
-Zesar! Ekar iezadak erregearen platera!
Zesar ziztu batean altxa eta erregearen platera hartu ondoren, jabeari eraman zion.
Han zeuden denak aho zabalik geratu ziren, baina erregea haserretu egin zen eta bere platera hartzera ausartu zen txakur hura lotzeko agindu zuen. Orduan artzainak, zegoen lekutik altxa eta erregeari esan zion:
-Txakur hau nirea da eta bera izan da herensugea hil duena. Beraz, niri dagokit printzesarekin ezkontzea!
Hango zalaparta izugarria izan zen! Denek ematen zuten beren iritzia eta oihurik handienak ateratzen zituztenak nobioaren lagunak ziren, honen egoera berritik mesede ugari espero baitzuten. Eztabaida hura nola edo hala bukatu behar zela eta, balizko salbatzaileak herensugearen zazpi buruak ekarri zituen erretilu batean, esanez:
-Hona hemen herensugearen zazpi buruak. Orain garbi dago noski nik hil dudala.
Eta artzainak erantzun zuen:
-Buru horiei zerbait falta zaie! -eta bere zorrotik mihiak atereaz, jarraitu zuen-. Hona hemen zazpi buru horien zazpi mihiak; printzesaren zazpi gonazpikoetan gorderik eduki ditut.
Itxuratiak burua makurtuta atera behar izan zuen, printzesak bere salbatzailea ezagutu zuen eta artzainarekin ezkondu zen. Esan beharrik ere ez dago, oso zoriontsu izan zirela eta herrialde hartan ez zela beste herensugerik inoiz azaldu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario